Gobernuak alokairu publikoko etxebizitzetan bizi direnentzat gizarte-laguntza eskainiko die udalei

2020ko irailaren 15, asteartea

Nafarroako Gobernuak laguntza soziohezitzailea eskainiko die Iruñerriko udalei alokairu publikoko etxebizitzetan bizi diren familientzat, bizikidetza errazteko eta etxebizitza gizarteratzeko tresna gisa erabiltzea sustatzeko. Horretarako, Jose Maria Aierdi bigarren presidenteordeak gaur goizean sinatu ditu oinarrizko gizarte zerbitzuekin lan bateratua ezartzen duten hitzarmenak udaletako ordezkariekin.

Taldea Nasuvinsako zortzi profesionalek eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako teknikariek osatzen dute, eta lankidetza, zehazki, herri hauetan burutuko da: Iruña, Barañain, Zizur Nagusia, Eguesibar, Arangurengo Ibarra, Atarrabia, Burlata, Berriozar eta Beriain.

Profesionalen artean hezitzaileak aurkitzen dira, tokiko eremuan esku-hartze komunitarioan, bitartekaritzan eta gizarteratzean espezialistak diren pertsonak; profesional horiek igaroko dira babestutako alokairuaren sustapen publikoak dituzten udaletan, ingurunean hurbiltasuna errazteko, parte-hartze sozialerako eta familien gertuko segimendua egiteko. Lan hori oinarrizko gizarte-zerbitzuen bulegoetan egingo dute, udalerri bakoitzeko teknikariekin batera.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, bigarren lehendakariorde eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari José María Aierdik honela nabarmendu du: “hain zuzen ere, honako hau bezalako ekimenek laguntzen dute etxebizitzaren politika publikoak soilik eraikin bat eta errentamendu babestu bat eskaintzeko ez izaten, baizik eta gizarteratzeko eta bizilagunen bizikidetzarako benetako erreminta izan daitezela, gure alokairu-parkean bizi diren pertsonen bizitzan laguntza soziohezitzailea eskainiaz”. Gainera, “eraikinen eraikuntza-kalitateari eta energia-eraginkortasunari ez ezik, haietan bizi den jendeari ere begiratu behar diogu”, adierazi du.

Udal-konpromisoa

Hitzarmenak sinatzeko ekitaldia Nafarroako Jauregiko erabilera anitzeko aretoan egin da, eta, bertan, bildu dira Jose Maria Aierdi bigarren lehendakariordea eta Etxebizitzako zuzendari nagusia den Eneko Larrarte herri hauetako alkateekin batera: Barañain, María Lecumberri; Zizur Nagusia, Jon Gondán; Berriozar, Raúl Maiza; Atarrabia, Mikel Oteiza; Eguesibarko alkateordea, Inmaculada Múgica; Iruñeko Udaleko zinegotzia, Juan José Echeverría; eta Burlatako Udaleko zinegotzia, Mari Luz Moraza. Aranguren Ibarreko eta Beriaingo udaletako ordezkariek, berriz, telematikoki hartu dute parte.

Jose Maria Aierdi lehendakariordeak bereziki eskertu ditu bederatzi udal-ordezkariak, eta ondorengoa nabarmendu du: “tokian tokiko gizarte-politikarekiko duten konpromisoa, bertako biztanleen premia eta arazo zehatzekin lotura gehien duten erakundeak izateagatik, eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzeko duten jarrera irekia, etxebizitza-politika gizarte-kohesiorako tresna bihurtzeko helburuarekin”.

Alokairuko parke publikoaren %89a

Hitzarmena sinatu duten bederatzi udalek alokairu publikoko 1.449 etxebizitza biltzen dituzte guztira, eta horietatik 921 Nasuvinsarenak dira eta gainerako 528 Alokairu Poltsakoak. Ehunekoetan, udalerri horiek alokairuko parke publikoaren %89a biltzen dute eta Alokairuko Poltsaren %70,10a jabe partikularrek utzitako etxebizitzekin.

Navarra Social Housing alokairuko plan publikoko etxebizitza eraiki berriak, Nasuvinsaren parkeaz gain (orain birgaitzen ari dena), kudeaketa-plataforma batean sartuta daude, eta plataforma horrek etxebizitzen aldagai energetikoak eta airearen kalitatea aztertzen ditu, erosotasun- eta osasungarritasun-baldintzak hobetzen laguntzearekin batera.

Eraikinaren eta etxebizitzen monitorizazioak aukera ematen du kontsumoa etengabe aztertzeko eta familia maizterrei aurrezpen energetikorako eta eraginkortasunerako jarraibideak proposatzeko. Era berean, kudeaketa-sistema adimentsuak eta hori eraginkortasun altuko eraikinean sartzeak faktura energetikoa murrizten laguntzen die erabiltzaile ahulenei, era horretan, etxebizitzaren parke publikoan pobrezia energetikoa errotik ateratzen lagunduaz.

Informazioa eta prestakuntza emateko, Passivhaus etxebizitzen erabilerari buruzko gida praktikoa argitaratu da, Nafarra Social Housing alokairuko plan publikoko 524 BOEren esleipendunek kontsultatzeko eta haiei laguntzeko material moduan. Etxebizitza horiek guztiak energia-eraginkortasun altuko estandar horrekin eraikitakoak dira.

Gobernuak alokairu publikoko etxebizitzetan bizi direnentzat gizarte-laguntza eskainiko die udalei