Nafarroa, Orotan Lagun web gunean boluntariotzako 80 ekintzaren artean hautaketa egin daiteke uda honetarako

2019ko uztailaren 1, astelehena

www.nafarroaorotanlagun.eus web orrialdean boluntariotzako 84 ekintza eskaintzen dira herritarrentzat uda honetarako; hau da, Nafarroako Gobernuaren baliabide honetan udaberrian zeudenen hirukoitza (martxoan jarri zen abian).

Hain zuzen ere, arlo sozial ezberdinen ekimenak dira. Zehazki, egun indarrean diren ekintza guztietatik, 23 gizarteratzekoak dira, 15 nazioarteko lankidetzakoak, 11 osasun-arlokoak, 9 hezkuntzakoak, 8 desgaitasunaren ingurukoak, 6 adineko pertsonen gainekoak, 4 ingurumenekoak, beste 4 aisia eta denbora librekoak, 1 haurtzarokoa, 1 mendekotasunaren ingurukoa, 1 kirol-arlokoa eta beste 1 arte eta kulturakoa.

Web orrialde honetan bertsioak gazteleraz eta euskaraz agertzen dira, eta boluntariotzan parte hartu nahi duen eta horiek antolatzen dituzten erakunde nafarren arteko harremana errazteko helburua du. Bilatzaile baten bitartez, interesatuek erraz aurki dezakete gehien interesatzen zaien ekintza. Bilaketa herriaren, dataren edo kategoriaren arabera egin daiteke.

Horrez gain, “Nafarroa, Orotan Lagunek” ekainaz geroztik profila ditu Twitter eta Facebook sare sozialetan. Azken horretan, 1.400 jarraitzaile baino gehiago izan dira lehen 15 egunetan, eta, horrela, web orrialdean boluntario gehiago inskribatu dira.

Nafarroako Borondatezko Ekintza Plana

“Nafarroa, Orotan Lagun” izenez ezagutzen da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Borondatezko Ekintza Planaren esparruan abian jarritako Boluntariotzako Informazio eta Koordinazio Puntua, Foru Exekutiboak abenduan onartua.

Iruñeko Txantrea auzoan kokatzen da, Adoain Aitaren kaleko 219. zenbakian. Aholkularitza pertsonalizatuaren zerbitzuak, boluntariotza-arloko informazioa, boluntario bila dabiltzan erakundeen eskaintzak eta boluntariotza-esperientzian akonpainamendua eskaintzen ditu.

Boluntariotzako Informazio eta Koordinazio Puntua abenduan jarri zen abian atxikitako 25 erakunde sozialarekin, eta, egun, kopuru hori gehitu egin da, 84 erregistratu baitira.

Nafarroa, Orotan Lagun web gunean boluntariotzako 80 ekintzaren artean hautaketa egin daiteke uda honetarako