Nafarroako Gobernuak COVID-19aren larrialdiari aurre egiten laguntzen ari diren boluntarioak koordinatzen ditu, 'Nafarroa, Orotan Lagun' webgunearen bidez

2020ko martxoaren 19, osteguna

Foru Gobernua,www.navarramasvoluntaria.es plataformaren bitartez,  COVID-19aren larrialdiari aurre egiteko laguntzen ari diren edo lagundu nahi duten boluntarioen lana koordinatzen ari da, alarma-egoeragatik sortutako eskaera sozio-sanitarioei arreta emateko .  ‘Nafarroa, Orotan Lagun’ webgunearen bidez, elkarteen eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa errazten du, eta ekintzak erabateko segurtasunez egiteko gogoan izan beharreko neurrien berri ematen du.      

Atari horretan biltzen dira bai elkarteen bai egunotan gizarteak duen erronka sozio-sanitarioari aurre egiten lagundu nahi duten pertsonen ekintzak eta eskaerak; baita Foru Komunitateko herrietan eta auzoetan  ia egunero  sortzen ari diren ekimen sozialak eta herri-ekimenak ere. Sor litezkeen beharrizanak asetzea edo jadanik ematen diren zerbitzuak indartzea da horren guztiaren xedea.

Plataformaren bitartez elkarte bakoitzak izena eman eta boluntariotzaren aldetik dituen eskariak argitara ditzake. Era berean, parte hartzeko gogoa dutenek izena eman dezakete horietan, eta boluntariotza egiten hasi. Tresnak badu horretarako kudeaketa-sistema bat,  elkarte edo kolektiboari aukera ematen diona bere ekimenean izena eman duten  pertsonen datuak erabiltzeko. 

Boluntariotza segurua

Pertsona askok laguntzeko duten gogoa eta elkarte batzuek egin ditzaketen eskaerak bideratzeaz gain, atariak informazioa emanen du boluntariotza segurua egiteko moduez,  boluntarioek jakin dezaten  zer neurri hartu behar duten gauden-gaudenean kutsatzeko arriskua saihesteko.

Atariak bideratutako boluntarioentzat zein sortzen ari diren herritarren ekimenetan dabiltzanentzat, Eskubide Sozialetako Departamentuaren barnean dagoen Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako gomendioak egiten ditu:

  • Eztul eta doministiku egitean sudurra eta ahoa estali, ukondoaz edo bota daitezkeen zapiez. 
  • Eskuak maiz garbitu uraz eta xaboiaz, bereziki eztul edo doministiku egin ondoren, edo erabilitako zapiekin ibili ondoren. 
  • Boluntarioak erosketak edo janaria daramatzanean, eskura eman daiteke  (ez dago zertan lurrean utzi edo pauso bat atzera egin). Bi pertsonen besoen luzera nahikoa da, metro bat baino gehiagoko distantziara iristen baldin bada. 
  • Laguntza ematen zaienei ongi dauden eta laguntza-mota zehatzen bat behar duten galdetu, adinekoei bereziki.
  • Ezohiko zerbait gertatzen dela behatzekotan, Oinarrizko  Gizarte Zerbitzuarekin harremanetan jarri. Bilatzaile honetan kontsulta daiteke zein den udalerri bakoitzekoa.
  • Genero-indarkeria atzemanez gero: deitu 112ra, zalantzarik egin gabe. Informazioa eskuratzeko, 016. Babes-baliabideek lanean jarraitzen dute. 
  • Bukatutakoan, norberaren etxean eskuak garbitu uraz eta xaboiaz, edo une horretan gel hidroalkoholiko batez.

Edozein informazio eskatzeko, posta elektronikoko mezu bat bidal daiteke, harremanetarako datuak adierazirik,  honako helbidera:  info@navarramasvoluntaria.es. Telefonoz edo postaz erantzunen dizute plataformatik. Halaber,  kontuak ditu Twitterren:  @Voluntariado_na eta Facebooken:  https://www.facebook.com/VoluntariadoNavarra

Nafarroako Gobernuak COVID-19aren larrialdiari aurre egiten laguntzen ari diren boluntarioak koordinatzen ditu, 'Nafarroa, Orotan Lagun' webgunearen bidez